Lanaren merkatu

Lanaren merkatua edo lan-merkatua[1] enplegu emaileen (lan eskaintzaile edo enplegu emaileak) eta soldatapeko lanaren bila ari diren pertsonen arteko harreman multzoak dira. Lan merkatuak beste motetako merkatuengandik bereizten dituen ezaugarriak ditu (finantza, higiezin eta lehengaien merkatuak, etab); nagusiki lan eskubideak eta horiek sistematikoki bermatzeko beharra.

Ekoizpen prozesuak pertsonak behar ditu, lehengaiak eraldatuz produktuak sortzeko, manufaktura nahiz zerbitzuak izan.

Ekoizpen prozesuko pertsonok lanesku edo lan indarra izena hartzen dute, beren zerbitzuak, hau da, lan fisikoa edo intelektuala, prezio baten truke, edo soldata baten ordainean, eskaintzen dutelako. Lan indarra ekoizpen jardueran egin beharreko zereginak burutzen dituzten pertsonek osatzen dute. Lana, beraz, pertsona horiek ondasunak eta zerbitzuak lortzeko burutzen duten jarduera da.

Lan merkatua enpresen lan eskariek eta langileen lan eskaintzek osatzen dute. Merkatu hau berezia da, beste merkatuak ez bezalakoa, ikusiko ditugun kausa batzuengatik.

Lehenengo eta behin, lan merkatuan lan indarra ematen da soldataren truke.

Soldatak langilea bizitzeko eta ugaltzeko lain eman behar du, baita langilearen ondorengoak aurrera ateratzeko beste ere, pertsonek, makinez bestera, biziko badira, baliabideak behar baitituzte ondasunak eta zerbitzuak kontsumitzeko. Makinek, aldiz, nahikoa dute mantentze gastuekin eta amortizazio kuotekin, erabiliaren erabiliaz higatzen direnean ordezkatzeko. Beraz, soldata ez da lanaren ordainketa hutsa, horrez gainera langileek bizitzeko eta ugaltzeko duten errenta ere bai baita.

Ezaugarrien artean lan merkatua ez dela homogeneoa ere aipatu behar da. Aitzitik, gero eta segmentatuago dago, hala sektore ekoizleetan nola lanbide kategorietan, enpresa motetan, kontratu motetan... Hortaz, ez dago merkatu bakar bat, batzuk baizik, batzuetan esparru itxietan banatzen direnak. Adibide gisa, horra hor lan kualifikatuak, ez kualifikatuak, finkoak, aldi baterakoak etab. Horiek ikusita, ondorioztatu behar da kontratazio baldintzak ere segmentuaren arabera aldatzen direla eta, horregatik, oztopoak egoten direla langileen artean trukeak egiteko.

Bestalde, pertsona guztiak ez dira gai zeinahi lan egiteko. Baldintza sozialek, hezkuntzazkoek, kulturazkoek, fisikoek, araudiek etab. jende askori ez diote merkatuan sartzen uzten. Murrizketa horietaz gainera, gogoan izan behar dugu merkatuak ez dituela lanen bat egiten duten pertsona guztiak barruan hartzen, lanagatik soldata jasotzen dutenak baizik. Horrela, lan merkaturik landa geratzen dira, ongizatea eta aberastasuna handitzen laguntzen duten arren, merkaturatzen ez diren jarduera guztiak, esate baterako, ordaindu gabeko etxeko lanak. Egoera horretatik dator lan ugalgarriaren eta merkatu lanaren arteko banaketa, ondoren labur argitzen da.

  1. Euskalterm: [Hiztegi Terminologikoa] [2007]

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search